Donostia 2023 Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren jarduera-programaren barruan, Donostiako Zinemaldiak saio berezi bat antolatu du irailaren 25ean, Donostiako Estrategia Bulegoarekin lankidetzan. Emanaldiaren helburua gizarte-ekonomiaren eredu berriak ikus-entzunezko formatuaren bidez ikus-entzuleei helaraztea izango da.
Hala, Thomas Boothe eta Maellane Bonnicel zinemagileen Food Coop dokumentala izango da ikusgai. 2016ko koprodukzio franko-amerikarrak New Yorkeko Bronx auzoan 1973an sortutako izen bereko elikagaien kooperatibaren istorioa kontatzen du. Kalitatezko janaria ahalik eta prezio lehiakorrenean eskuratu ahal izateko, supermerkatuko 16.000 bazkideak hilean 3 orduz egiten dute bertan lan. Bartzelona, Lille, Brusela, Berlin edo Sidney bezalako hirietan errepikatu den kooperatiba eredua da honakoa, izan ere, elikagaien garestitzeak eta jasangarritasuna, hurbiltasuna edo bidezko merkataritza bezalako printzipioek hartutako garrantziak, gizarte-ekonomiako formulen aldeko apustua ekarri dute.
Solasaldia
Dokumentalaren proiekzioa aukera ezin hobea izango da gizarte-ekonomiaren hainbat alderdi ikuspuntu ezberdin batetik jorratzeko, baita honen balio soziala ikus-entzuleei helarazteko ere. Horretarako, aurkezpenean eta ikustaldiaren ondorengo solasaldian hitza hartuko dute Maravillas Espín Espainiako Gobernuko Lan Autonomoaren, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren zuzendari nagusiak; Elena Perez Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak; Rosa Lavin EGES Euskal Gizarte Ekonomia Sareko eta KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak; eta Iñigo Albizuri Mondragon Korporazioko Erakunde Harremanetarako zuzendariak.
Sarrerak
Food Coop dokumentalaren proiekziorako sarrerak salgai daude irailaren 18az geroztik jaialdiaren webgunean eta leihatiletan.
Gizarte Ekonomiaren Hiriburua 2023
Espainiako Ekonomia eta Gizarte Laneko Ministerioak Donostia izendatu du 2023ko Gizarte Ekonomiaren Hiriburu. Hiriburutza horren helburua da lurraldeko gizarte-ekonomia ikusaraztea, esperientzia garrantzitsuak ezagutaraztea eta erronka nagusien inguruko eztabaida sustatzea. Izan ere, Donostiak eta Gipuzkoak gizarte-ekonomiarekin lotutako jarduera-tradizio luzea dute, eta haren garapena ahalbidetzen duten balioak oso errotuta daude gure gizartean. Enpresa-arloan, errotze hori oso nabarmena da: Mondragon taldea da erreferente nagusia, baina baditugu beste hainbat adibide esanguratsu ere.
Ildo horretan, lurralde osoari zabaltzen zaion ikuspegiarekin lotu du hiriburutzak Donostia, kooperatiba askoren sorburuan dauden eskualdeekin lankidetzan (Debagoiena eta Debabarrena, Goierri, Donostialdea...). Kooperatiba horiek bultzada berezia ematen diete formula ireki eta kolaboratiboetan, lankidetzan, lan partekatuan eta konfiantzan oinarritutako enpresa-kudeaketa ereduak dituzten ekimenei.
Hiriburutzari lotuta, jarduera-programa zabala jarri zen abian urtearen hasieran, eta datozen hiletan erritmo bizia hartuko du egitarauak, tartean, azaroan egingo den Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Goi-bilerarekin. Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak antolatuko du hitzodua Gizarte-ekonomiaren eragina, eraldaketaren eragile gisa izenburupean, eta Europako Batzordearen, Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen (EEGAB), Eskualdeen Komitearen eta Social Economy Europe-n laguntza izango du. Hain zuzen, Espainia da Europar Batasuneko Kontseiluko presidentea seihileko honetan.
Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzari lotutako jarduera-programa kontsultagai dago lotura honetan.