Urteurren hori gogoratzeko eta balioan jartzeko, Donostia Launkoiak ospakizun-ekitaldi bat antolatu du gaur udaletxean, urte hauetan guztietan eta une desberdinetan proiektuaren Talde Eragileko kide izan direnak eta honen garapenean lagundu dutenak gogoan. Bertan adierazi dutenez, Donostia Lagunkoiak adin guztien etorkizunean utzi nahi duen arrastoaren inguruan amestu eta hausnartu nahi du. Etorkizuna orain delako eta denoi interesatzen zaigulako.
Donostia aitzindaria izan da hirien lagunkoitasunaren kontzeptuari heltzen. 2008an, hiriko Udala, Matia Fundazioaren eskutik, lehen urratsak ematen hasi zen, eta 2010ean Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako Age-Friendly Cities sarea osatzen duten nazioarteko lehen 10 hirietako bat bilkatu zen. 2013an, halaber, adinekoekin adiskidetsuak diren Europako hiri eta komunitateei buruzkoa Dubilgo Adierazpena sinatu zuen.
Inkubazio- eta garapen-prozesu baten ondoren, Estrategia Bulegoak, Udaleko Gizarte Ongizateko eta Herritarren Partaidetzako sailekin eta Donostia Lagunkoia eraikitzen eta osatzen lagundu duten beste hainbat pertsona eta erakunderekin elkarlanean, Donostia Lagunkoia Hiriko Plana garatu zuten. Plan horrek 134 neurri bildu zituen, zortzi ardatz nagusitan, eta 2015ean, hausnarketa-prozesu baten ondoren, lau ardatzetan birbideratu ziren. Ardatz horiek Donostia Lagunkoiak hartutako konpromisoak egituratzen dituzte:
-
Espazio publiko integratzailea eta mugikortasun segurua eta irisgarria.
-
Bizitza osorako etxebizitzak: Etxean zahartu, edo “etxean bezala”.
-
Zaintzen duen komunitatea: Laguntza Komunitarioko Sarea.
-
Bizi-ziklo berri baterako trantsizioa eta adinaren kudeaketa.
Hiriak bide horretan urratsak egiten jarraitzen du, erronka demografikoari erantzun transbertsal bat emateko.