Donostia Lagunkoia eratzeko, parte-hartze prozesu bat gauzatu da. Politika egiteko modu berria da hori, eta donostiarrak ipintzen ditu udal-administrazioa kudeatzeko ereduaren muinean. Funtsean, Udalaren eta herritarren artean lankidetzarako eta elkarlanerako guneak finkatzean datza.
Donostia Lagunkoia Hiri-plana hiriak zahartze aktiboaren, adindunen ahalduntzearen eta bizi-kalitatearen alde egindako apustuaren isla da. Donostiako Estrategia Bulegoak eta Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko eta Herritarrek Parte Hartzerako Sailak dira planaren buru.
Guztira, 100 pertsonak parte hartu zuten 2013an planaren osaeran. Ekarpenak norbanako adindunen, auzo-, kultura- eta gizarte-elkarteen ordezkarien, udal-teknikarien eta sektore pribatuko ordezkarien (esparru sozio-sanitarioa, mugikortasuna, kultura, etab.) eskutik etorri dira.
Donostia Lagunkoia hiri-planak jarduera sorta bat lehenesten du, asko eta asko abian jarri direnak jada, Donostia adindunentzako hiri lagunkoia bihur dadin.
Udalaren sail eta arlo guztiei eragiten dien proiektua da, eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuk inplikatzea du xede, izan bertakoak edo udalaz gaindikoak, izaera parte-hartzailea nabarmenduta.
Planak, oinarrian dauden zortzi eremuetarako 134 neurri jasotzen ditu. Hauek dira aipagarrienak:
- Gertuko merkataritza sustatzea hiriaren kanpoaldeko auzoetako eta guneetako bizitzaren oinarri nagusienetako bat osatzen baitu, eta bestetik, merkataritza lagunkoiaren gida eta label edo etiketa bat egitea, adineko pertsonen beharrak hautemateko tresna egokia baita.
- Ordezko bizitegi-sistema berriak ezartzea, mugikortasun-arazoak dituzten pertsona adindunei etxebizitza egokituak alokatzeko aukera emateko eta behar berriei erantzuteko etxebizitza-ereduak ezartzea.
- Erakunde arteko leihatila bakarra garatzea, etxebizitza-alorreko laguntzak izapidetzeko. Hori osatzeko, pertsona adindunen etxebizitza-alorreko aholkulariaren figura sortuko da.
- Hiri lagunkoiaren kontzeptua gizarteratzea, sustatzea eta hedatzea, gizartea sentsibilizatzeko.
- Zahar-etxeen eginkizun soziala indartzea, epe luzeko estrategia baten bidez beraien ahalduntzea, bi ildoetan, lortzeko. Batetik, pertsona adindu ahulenen gizarte babes sare bezala. Bestetik, zahar-etxeen eta herri-administrazioaren arteko babesa eta lankidetza bultzatzea, garatzen ari diren gizarteratze eginkizuna bermatzeko.
-Laguntzarako auzo-sareak eta komunitate lagunkoiak sortzea , adindunen bizitza autonomoa luzatzeko beren etxebizitzetan, auzotasun onaren printzipioen bidez.
-Sentsibilizazio kanpainak garatzea, adindunen autoestimua eta ahalduntzea sustatzeko.
-Udal-kudeaketan txertatzea pertsona adindunen ikuskera eta ikuspegia, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartuko duten egiaztatze-lantaldeak sortuz, hiriaren gaineko behatoki gisa jardun daitezen, mota guztietako arazoak hautemateko.
- Euskararen irakaskuntza adindunei egokitzea. Mintzapraktika, mintzalaguna, eta tankerako ekimenetan parte hartzea sustatzea.
- Espazio mistoak eta belaunaldi arteko espazioak diseinatzea, adindunen eta gazteen arteko topagune izan daitezen.
Bestalde, nabarmendu behar du planak aipatutako jardueretako asko abian direla jada. Esaterako, Ongizate Sailak abian jarritako pertsona adindunen tratu txarra hauteman, balioetsi eta desagerrarazteko programak; DBusek abian jarritako hiri barneko autobus-sarearen zerbitzua eta segurtasuna hobetzea; Donostia Kirolak abian jarritako ibilbide lagunkoien kanpainak, osasunari, aisialdiari eta kirolari lotuta daudenak; +55 Programak abian jarritako aisialdiko, kulturako eta kiroleko berariazko jarduerak; eta abar.
Informazio gehigarria
Donostia Lagunkoia Plana zortzi eremutan egituratuta dago. Guztira 26 helburu operatibo ditu eta 22 esku-hartze lerro, orotara, 44 ekintza eta 134 neurri dakartzatenak.
Hiri planaren eremuak:
- Hirigintza adeitsua, aire zabaleko espazioak, plazak, kaleak eta eraikin publikoak.
- Garraioa eta mugikortasuna.
- Eraikinak, ekipamenduak eta etxebizitza.
- Sareak eta gizarte laguntza.
- Zahartze aktiboa: parte-hartzea, enplegua eta ikaskuntza.
- Errespetua, onarpena eta gizarteratzea.
- Informazioa eta komunikazioa.
- Ongizate- eta osasun-zerbitzuak.
Ibilbidea eta Aurrekariak
Donostia giza eskalako hiri eredu bat lortzeko lanean ari da, bertako hiritarrentzako hiri bat, gizarteko alderdi berritzaileenei arreta berezia eskainiz. Testuinguru horretan, hainbat esparrutako politikak ezartzean, arreta berezia eskaintzen zaie adineko pertsonei, zahartze aktiboa hiriaren oraingo eta etorkizuneko estrategiako ekintza-ildoen artean kokatuz, eta OMEren gomendioak eta Europar Batasunak zahartze aktiboaren inguruan ezarritako estrategiak eta helburuak aintzat hartuz.
Donostiako I. Plan Estrategikoan ere adindunen garrantzia kontuan hartzen zen hiriaren aktibo gisa, eta E2020DSS Estrategia berrian norabide hori sendotu egin da.
Horrela, 2010ean, Donostia OMEren Pertsona Adindunen Hiri Lagunkoien proiektuan sartu zen. Red Age Friendly Cities-AFC sarea osatu zuten hamar hirietako bat izan zen.
AFC proiektuak parte-hartze prozesu bat ezartzen du bere oinarri metodologikoetan. Prozesu horretan adineko pertsonek (egunerokotasunean jasotzen duten hiriaren ikuspegia eta bertan bizitako esperientziak azaltzen dituzte, beren zahartze prozesua kontuan hartuta), borondatezko lana egiten duten erakundeek, zerbitzu-hornitzaileek, dendariek, langile publikoek eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileek hartzen dute parte. 2012an, Zahartze Aktiboaren Europako Urtea ospatu zenean, Donostia Lagunkoia Hiri-plana egiteko oinarriak ezarri ziren. Plan horren bidez, ordura arte egindako lana abiapuntutzat hartuta, hiriak aurrerapauso bat eman zuen adineko pertsonek eta beren elkarteek udal ekimenetan duten parte-hartzea, inplikazioa eta ahalduntzea sustatzeko konpromisoan.