Donostiak ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat udalerrik ere hartzen dute parte Euskadi Lagunkoia sarean; besteak beste, Ordiziak, Zumarragak, Idiazabalek, Oriok eta Hondarribiak.
Euskadi Lagunkoia ekimena 2014ko uztailean jarri zuten abian, herritarren zein sektore publiko, pribatu eta sozialaren parte-hartzea sustatu eta EAE osoan lagunkoitasunaren kontzeptua garatzeko.
Lehentasunezko helburu hori lortzeko oinarria izango den gida praktikoa aurkeztu dute gaur.
Gidaren aurkezpenean, Donostia Lagunkoia ekimenaren koordinatzaile Eva Salaberriak Donostiako hiri-plana aurkeztu die Gipuzkoako hainbat udalerritako arduradunei, eta horren ezaugarri batzuk nabarmendu ditu.
Hala, azaldu du oso garrantzitsua dela adineko pertsonen kolektiboa oso heterogeneoa dela nabarmentzea; izan ere, pertsona horiek askotariko interesak, kezkak eta beharrak dituzte, kolektibo horren gaineko estereotipoekin zerikusirik ez dutenak.
Halaber, mezu positiboa ere helarazi nahi izan du, zahartutako gizarte baten gaineko ikuspegi negatiboa baitago askotan. Era horretan, gure bizi-itxaropena egungo mailetara handitzea gizadiaren lorpen handienetako bat dela esan du, eta horrela helarazi eta ulertu behar dugula nabarmendu du.
Donostia Lagunkoia izeneko proiektua definitzeko orduan, batetik, haren izaera transbertsala nabarmendu nahi izan du –horrek dakarren zailtasuna barne– eta, bestetik, emaitza eraginkorrak dituen parte-hartze aktiboaren garrantzia.
Ordizia eta Idiazabalgo udalerriak ere izan dira Donostia Lagunkoia hiri-planarekin batera; hala, udalerri horietan emandako urratsak eta gauzatu dituzten ekintza zehatzak azaldu dituzte.
Gipuzkoan, Zumarraga, Orio eta Hondarribia dira, egun, Ordiziarekin, Idiazabalekin eta Donostiarekin batera Euskadi Lagunkoia ekimenaren kide.
Donostia Lagunkoia hiri-planaren xedea da hiriaren lagunkoitasuna eta adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, eta hedaduraz, Donostiako gizarte osoarena.