Zulaikak ongietorria eman die bertaratuei, eta hiriak eta hiritarrek atzerritik etorritako pertsonak hartzerako orduan duten zeregin garrantzitsua azpimarratu dute: “Immigrazioak hirian sortutako alderdi guztien azterketa bat dator Gizarte Kontseiluaren filosofiarekin eta helburuekin”.
Goiak, bestalde, duela aste pare bat aurkeztu zituen hiriaren 2021eko datu demografikoak aipatu ditu, eta nabarmendu du etorkinek berebiziko garrantzia dutela hiriak jasaten duen jaiotza-tasaren beherakadari aurre egiteko. “Erronka garrantzitsua dugu, elkarrekin bizitzen ikasi behar baitugu, gatazkarik eta desberdintasunik sortu gabe. Eta uste dut ez garela behar bezain kontziente gure hirira datozen pertsona guztiei harrera egiteko dugun zorteaz”.
Eragileen aurkezpenak
Parte hartzen lehena Asodeus etorkinen kolektiboko Belkis John izan da. 29 urte daramatza Donostian, eta hirian autonomo gisa lan egiten duten migratzaileen kopuru altua nabarmendu du: "Donostiak oso harrera ona egiten digu, familian sentitzen gara. Etorkinek hainbat sektoretan prestatu eta lan egin dezakete”.
Iñigo Gutierrez Nafarroako Unibertsitateko Tecnun Ingeniari Eskolako irakasleak haien ikastetxean ikasten duten atzerriko ikasleen kopurua eta Donostiak eskaintzen dizkien erraztasunak aipatu ditu: "Hemengo enpresak oso nazioartekoak dira, eta, beraz, horrelako profil profesionaletan interesa dute". Aitzitik, etxebizitza eskuratzea izan ohi da zailtasunik handiena.
Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkarteko Kino Martínezek hiriak turismo mailan duen posizionamenduari buruz hitz egin du: “Prestigio handiko sektorea da gurea, etorkinak lan-arloan integratzeaz gain, gizartean ere integratzen dituena. Gure ikuspuntutik, atzerritik etorritako pertsonak gizarteratzea eta laneratzea erraza da, zailena kultura mailan egitea da”.
Leire Irastorza Gipuzkoako Gizarte Langintzako Elkargo Ofizialeko kideak egun dauden zaintza ereduak azaldu ditu, eta egungo sistema birpentsatzeko beharra azpimarratu du, langile gehienak Latinoamerikako emakume etorkinak baitira.
LAB sindikatuko Maddi Arrietak hiriko etorkinen eta pertsona arrazializatuen lan-baldintzetan jarri du arreta. “Inflazioa erosteko ahalmenaren galera eta pobretze orokorra eragiten ari da, batez ere langile etorkinei eta arrazializatuei eragiten diena. babesgabetasun eta zaurgarritasun handiko egoeran daude, eta langabezia-tasa txikia den arren, ezin ditugu ahaztu muturreko eta prekarietate handiko egoerak”. Haren hitzetan, hiriak duen erronkarik handiena arrazakeriarekin amaitzea da, pertsona guztien eskubideak onartzen hasteko.
Juan Ramón Viles Donostiako Udaleko gobernantzako zinegotzi delegatuak, bestalde, migratzaileen kopuruari eta haien bizilekuen inguruko datuak eman ditu. Gainera, etorkinen belaunaldi berriek goi mailako prestakuntzara sarbidea eskuratzearen inguruan hausnartzeko beharra nabarmendu du.
Beterri-Kostako Industrialdea elkarteko Jesus Maria Erañak, bestetik, etorkinek euskal industrian izandako paperaren bilakaera errepasatu du. "Lan esferak bultzatzen du mugimendua. Industriaren eta migrazioaren arteko harremana oso garrantzitsua da eta izan da, eta zorionez, gure industria gehienek lan duina eskaintzen dute”. Euskal industriak profesional kualifikatuez elikatzen jarraitzeko formula aurkitu behar duela gogoratu du.
Immigrazioa errazten eta/edo kaltetzen duten faktoreen inguruan mintzatu da, aldiz, Felix Barcena Goiko Galtzara Erretiratuen Elkarteko (Aiete) kidea, eta erantzun bateratu bat adosteko beharra azpimarratu du.
Realaren prestakuntza-klub eredua oinarri hartuta, Fundazioko ordezkari Andoni Iraolak Gipuzkoako Eskola Kirolaren egungo sistema balioetsi du, baina migratzaileak hastapeneko kirol-egituretan integratzeko neurriak hartzea eta mehatxu demografikoei aurre egiteko estrategiak prestatzea beharrezkoa dela ohartarazi du.
Azkenik, Pilar Lekuonak, Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialetik, pertsona migratzaileek beren tituluak balioztatzeko dituzten trabak azaldu ditu: “Alarma-egoeran, esku guztiak ziren ongietorriak. Baina orain, pandemia aurreko egoerara itzuli gara, eta homologazioak izapidetzeko epeak bi eta hiru urte artekoak dira, batez beste”.
Azkenik, Batzorde Iraunkorrak apirilaren 25ean onartu zuen Gizarte Kotseiluaren Saria aurkeztu du Zulaikak, eta bilkura amaitutzat eman du.
Saioaren bideoa lotura honetan duzue ikusgai.