Donostiak, eta Gipuzkoako gainerako lurraldeak, gizarte-ekonomiarekin lotutako jarduera-tradizio luzea dute, eta haren garapena ahalbidetzen duten balioak oso errotuta daude gure gizartean. Enpresa-arloan, errotze hori oso nabarmena da: Mondragon taldea da erreferentzia nagusia, baina baditugu beste hainbat adibide esanguratsu ere. Ildo horretan, lurralde osoari zabaltzen zaion ikuspegiarekin lotuko du hiriburutzak Donostia, kooperatiba askoren sorburuan dauden herriekin lankidetzan (Debagoiena eta Debabarrena, Goierri, Donostialdea...). Kooperatiba horiek bultzada berezia ematen diete formula ireki eta kolaboratiboetan, lankidetzan, lan partekatuan eta konfiantzan oinarritutako enpresa-kudeaketa ereduak dituzten ekimenei.
Era berean, gizarte-ekonomiari lotutako erakunde garrantzitsuak ditugu gurean, hala nola, Gureak edo Elhabe, zaintzaren eta desgaitasunaren esparruan jarduten direnak. Testuinguru horretan, lankidetza publiko-pribatua ere garrantzitsua da, kohesio sozial handia izango duen eredu sozial eta ekonomikoa artikulatzen laguntzen duelako.
Enpresa-elkarteen esparruan erreferente garrantzitsua denez, etorkizuneko erronka sozialei eta ekonomikoei erantzuteko apustu irmoa egin du Donostiaren plan estrategikoak, besteak beste, ezagutza, berrikuntza, gizarteratzea eta gizarte-ekonomia bultzatuz.
Hiriko E2030DSS plan estrategikoaren baitan, O5. OREKA EKONOMIKOA 2030 helburuan, honako hau planteatzen da: Industria jarduera aurreratuko lurralde batean kokatuta dagoen eta hirugarren sektorean oinarritzen den hiri baten garapen ekonomiko orekatua eta dibertsifikatua indartzea, eta, horretarako hauek sustatzea: enplegua (....). Ildo horretan, gizarte-ekonomia bultzatzea bat dator zehazki 5.4. Ekintzailetza eta enplegu duina eta kalitatezkoa bultzatzea eta 5.6. Balio kooperatiboak/kolaboratiboak sustatzea puntuekin.
Horregatik, 2023ko Gizarte Ekonomiaren hiriburutzak helburu horiek eta euskal gizarte-ekonomiaren sektorea garatzen lagunduko du, baita gizarte-ekonomia alternatiba sozial eta ekonomiko gisa ikusarazten ere.