Eraikin berrian, Campuseko liburutegia eta zenbait baliabide nahiz zerbitzu berri daude (ikasteko gelak, Kalitate Zerbitzua, hizkuntza-laborategiak, irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako baliabideen tailerrak, etab.).
Joan den irailaren 23an inauguratu zuten ofizialki, eta ekitaldi horretan izan ziren Isabel Celaá (Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitateetako sailburua), Iñaki Goirizelaia (EHUko errektorea), Cristina Uriarte (Gipuzkoako Campuseko errektoreordea), Juan Karlos Izagirre (Donostiako alkatea) eta beste agintari publiko batzuk.
Cristina Uriarteren hitzetan, “zentro honekin, unibertsitateko bizitzaren egiazko guneak izango diren ingurune akademikoak sortu nahi ditugu, hirian integratuta daudenak eta kalitatezko zerbitzu ugari eskainiko dituztenak”. Azken finean, gizarte-zientzien, giza zientzien eta zientzia juridikoen arloetako ikerketaren mintegia eta elkargunea izango den toki bat sortu nahi izan dute, ezagutzaren sorrera sustatuko duena. Uriarteren esanetan, “eraikin berri hau erreferentziazko zentroa izango da unibertsitateko kideentzat, eta eraikin enblematikoa, herritarrentzat”.
Eraikina ia biribila da, eta hiruki-itxurako irekiera handi bat dauka aurrealdean; zezen-plaza handi bat edo beisboleko estadio bat izan liteke. Argi naturala barruraino sartzen da, barruko patioan barrena eta leiho zabaletan barrena; leihateek paisaia ikusteko aukera eskaintzen dute.
Barruan, metalezko akabera duten hormigoizko hormek eta mahai nahiz apal zuriek ikasteko giro ezin hobea sortzen dute, eta zenbait altzari gorrik kolore ukitu bat ematen diote.
Liburutegia eraikinaren hiru solairu nagusietan dago; eta bertan, bulegoak eta bilera-gelak ere badaude. Erdialdean, kontsultarako liburuak daude, espezialitateen arabera sailkatuak, eta, inguruan, literatura, egilearen jaioterriaren arabera sailkatua.
Zentro hori eraikitzeko, 27 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte. Ander Marquet arkitektoak diseinatu du. Carlos Santamaria Zentroak 8.000 m2 baino gehiagoko liburutegia dauka, eta ikasteko nahiz irakurtzeko 1.000 toki baino gehiago. Bertan, 530.000 ale daude; horietatik 375.000 monografiak dira, eta 4.500, aldizkari-izenburuak. Taldean lan egiteko 19 gela eta ikertzaileentzako 11 kabina dauzka.
Liburutegiaz gain, Ikaskuntzari Laguntzeko Gune bat aurki dezakegu Carlos Santamaria Zentroan:
- Mediateka
- Erabiltzaileak prestatzeko gela
- Taldean lan egiteko gelak
- Bibliografia-funtsa
- Ikasteko eta irakurtzeko puntuak
- Erakusmahaiak
- Langileentzako bulegoak
Zentroak entzunaretoa ere badauka. ‘Antonio Beristain’ du izena, IVAC-KREIren sortzailearen omenez, eta 202 pertsonentzako tokia dauka.
Beste zerbitzu batzuk ere barne hartzen ditu, honako hauek, besteak beste: hizkuntza-laborategi bat, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzua (HELAZ), Kalitate Katedra, irakaskuntzarako baliabideen tailer bat, bilera-gelak eta mintegiak.
Eraikinak gune bakar batean biltzen ditu institutuen, katedren eta ikerketa-taldeen egoitzak, gizarte-zientzien, zientzia juridikoen eta giza zientzien arloetakoenak, nagusiki. Bateratuta egoteak erraztu egiten du elkarlana, eta horrek, Cristina Uriarte errektoreordeak nabarmendu zuenez, “sustatu egingo du ikerketa, eta ahalbidetu egingo du hezkuntzako berrikuntza eta kalitatea, proiektu komun batean batuz irakaskuntza-ikaskuntzako gune kooperatiboak, ikaskuntzarako ikus-entzunezko baliabideak egokitzeko programak, hizkuntzak ikasteko gelak eta kudeaketako kalitatearen zerbitzua”.
Xede horretarako erabilitako azalera erabilgarria 1.572 m2-koa da
Carlos Santamaria Zentroa irailean inauguratu zuten, eta ekitaldian izen bereko donostiar matematikari, filosofo, meteorologo, euskaltzale eta bakezalearen oroimenezko plaka bat desestali zuten. Santamaria honoris causa doktore izendatu zuten UPV/EHUn, 1992an. Euskal Kontseilu Nagusiko hezkuntza-kontseilari gisa lanean aritu zen, eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campusaren garapena sustatu zuen.