Daniel Zulaika presidente berrautatuak hartu du hitza lehenik, eta Eva Monente moderatzaileak galdetuta, ekimenaren helburu nagusia zein den azpimarratu du: gaur egun hirian garatzen ari diren eta donostiar gehienentzat ezezagunak diren proiektuei aitortza egitea eta horiek balioan jartzea. "Aurten maila ezberdinetan lan egiten duten eta elkarren osagarri diren hiru proiektu saritu ditugu, herritarren bizitza ikuspuntu oso ezberdinetatik hobetzeko helburua dutenak", azaldu du.
Jarraian, Isabel Vaquero ADSIS Fundazioko presidenteak eta Maitane Zaldibar Bidebieta Auzoko Guardaplata Erretiratuen Elkarteko Espazioak Birgaitzeko proiektuaren koordinatzaileak hartu dute hitza, fundazioak egiten duen lana azaltzeko. "ADSISen lana gizarteratzea da, eta, horretarako, prestakuntza funtsezko tresna dela uste dugu", azaldu du Vaquerok. Gizarte Kontseiluak saritutako proiektua, hain zuzen, gazteriari buruz dugun irudia partaidetza-komunitarioaren bidez aldatzeko helburuarekin sortu zen: "Auzora atera ginen, bizilagunei galdetu genien, eta hortik aurrera, erabili ezin zen espazio bat hobetzeko lanean hasi ginen", dio Zaldibarrek. Belaunaldien arteko harremana sustatzen du proiektuak, bainta iraunkortasuna eta lankidetza ere, eta harreman oso aberasgarriak sortu dira, auzoko ekosistema hobetzen dutenak.
Kino Martínez Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkarteko idazkariak, bere aldetik, lau GKErekin eta Lanbiderekin elkarlanean sustatu duten Administrazio-egoera irregularrean dauden etorkinak ostalaritza-sektorean integratzeko planaren arrakastaren gakoak azaldu ditu: "Bide bat landu dugu egoera irregularrean dauden pertsonek ostalaritza-sektorean prestakuntza jasotzeko konpromisoa har dezaten, eta horren bidez, haien egoera erregularizatu eta herritaratsuna eskura dezaten. Atzerritartasun legeak izan izandako aldaketa bati esker gauzatu ahal izan da proiektua". Oso emaitza positiboak izan dituen proiektu pilotu honen bidez, Lanbidek laguntza-lerro bat abiaraziko du, beste sektore batzuek eredu hori aplikatu ahal izan dezaten, bertara atxiki nahi diren etorkinen administrazio-tratamendua eta jarraipen sozio-psikologikoa kontuan hartuta.
Azkenik, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoak gazteen bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko eta emakumearen rolari enfasi handiagoa emateko egiten duten lanaren berri eman du Amaia Bernarasek. "Gizartea Gipuzkoako Parkea osatzen dugun enpresetatik hurbil sentitzea nahi dugu, eta ikasten ari diren gazteei, bertan lekutxo bat dutela ikusaraztea", azpimarratu du. Hiriko ikastetxeetako haurrei zientziaren eta teknologiaren balioa erakusteaz gain, topaketak antolatzen dituzte Lanbide Heziketako ikasleei informazioa emateko: "Gure enpresek zientziaren eta teknologiaren sektore berriak sortzen dituzte, eta goi mailako ikasketak dituzten pertsonez gain, beste profil batzuk ere behar ditugu, ekoizpenak garatu ahal izateko".
Elkarrizketaren amaieran, Gizarte Kontseiluari eskerrak eman dizkiote laurek, ekimenei ikusgarritasuna ematen laguntzeagatik, eta orain arte bezala, lanean jarraitu nahi dutela azpimarratu dute, donostiarrei aukera berriak eskaintzen segitzeko.
Elkarrizketa osoa lotura honetan dago entzungai.