Atlantic Citiesen topaketak Arku Atlantikoko Batzordeak egunotan Kursaalen egin duen Batzar Nagusiarekin bat egin du, eta gai beretsuak jorratu dituzte bi topaketetan. “Makroeskualde Atlantiko bat sortzeko aukera-leiho bat irekiko zaigu epe laburrean. Arku Atlantikoa osatzen dugun hirientzat garrantzia handiko gaia da, proiektu berrietan elkarrekin lan egitera eta konpromiso komunak hartzera behartzen gaituelako”, nabarmendu du Goiak saioa abiatzeko hitzaldian.
BC3 Basque Centre for Climate Change erakundeko zuzendari zientifiko Maria José Sanzek klima-aldaketak Atlantikoko hirietan dituen eraginak azaldu ditu jarraian: "Klima-aldaketa errealitate bat da, eta muturreko gertaerak, hala nola, tenperatura altuak, euri-jasak edo lehorteak, maiztasun eta intentsitate handiagoz errepikatzea eragiten du. Hiriek funtsezko zeregina dute zentzu horretan, baina baita egokitzeko behar handia ere”. Munduko biztanleriaren % 70 hiriguneetan bizi da, hiriek munduko energiaren % 78 kontsumitzen dute eta gasen isurketen % 60 eragiten dute. “Bero-boladen, uholdeen eta suteen aurka prestatzeko, inbertsio handiak egin behar dituzte hiriek. Horregatik, ezinbestekoa da ekintza-planek arintze- zein egokitze-alderdiak barne hartzea. Gainera, gobernantza klimatikoa bultzatu behar dugu, eta inplikazio psikosozial handiagoa lortu”. Azkenik, herritarrengana eta sektore pribatura iristeko, mezuak aukera gisa helaraztea funtsezkoa dela azaldu du Sanzek, haien lankidetza lortzeko.
Hirien eraldaketa
Alkateen mahaian Atlantic Cities sareko bost hirik hartu dute parte: Ines Rey A Coruñako alkateak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Ana Gonzalez Gijongo alkateak, Maider Arosteguy Biarritzeko alkateak eta Manuel Vitorino Viana do Casteloko lehendakariordeak.
Reyesek A Coruñan egiten ari diren neurriak eta proiektuak aipatu ditu: orduko 30 kilometroko abiadura-mugari aurrea hartu zioten, 21.000 argi-puntu baino gehiagoko argiteria publikoa erabat berritzeko lanean ari dira, bizilagunek kudeatzen dituzten lau ekobaratze-eremu sortu dituzte, eta udal energia-operadore bat eratu nahi dute, besteak beste. “Gure hiria erreferente izan da klima-aldaketaren aurreko politika publikoak diseinatzen. Hiri hurbilagoa, bizigarriagoa, iraunkorragoa eta gizatiarragoa eraiki nahi dugu, eta atzera bueltarik ez duten ekintzak gauzatzen ari gara”. Goiak, bere aldetik, itsas-mailaren igoera kezkagarriari buruz hausnartu nahi izan du: “Arku atlantikoko hiriek mezu argi bat bidali behar dugu, konponbideek gure gaitasunak gainditzen dituzten esku-hartze handiak eskatzen baitituzte, eta itsas mailaren igoera kostaldean izaten ari den inpaktuari buruzko erantzun eta estrategia faltak kezkatzen gaitu”.
Gijongo alkateak, bestetik, egun garatzen ari diren ingurumen-politiken oinarrian planetaren zaintza dagoela aldarrikatu du, eta hirien eta lurraldeen arteko lankidetza nabarmendu nahi izan du: "Lankidetza da gure aliaturik onena. Nork bere tokitik lan egin behar dugu, lehiarik gabe eta bat eginik, eta hirien arteko itunak lotu, proposatzen ditugun ekintzek eragin globala izan dezaten”. Zentzu horretan, Arosteguyk bat egin du Gonzalezekin, herritarrek gobernu-organoek hartutako helburuak eta konpromisoak bere egin ditzaten lortzeko unean, hezkuntzak duen garrantzia azpimarratu baitu: "Proposatzen dizkiegun ohitura-aldaketetan herritarren bidelagun izan behar dugu". Viana do Casteloko presidenteordeak, azkenik, lantzen ari diren Itsasoko Ekonomiaren Agendaren oinarriak ezagutarazi ditu, eta berea “herritarren kezkak kontuan hartzen dituen hiria dela” gehitu du. Une honetan, lurraldeko kultura nautikoa eskoletan ezagutarazteko lanean ari dira, gazteek klima-aldaketaren aurka proposatutako neurriekiko konpromiso handiagoa har dezaten.
Adierazpenaren sinatze-ekitaldia
Atsedenaldiaren ostean, sareko hiriak Batzar Orokorrerako bildu dira, eta bertan onartu eta sinatu dute klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka borrokatzeko Donostiako Adierazpenaren testua. Agirian hirietan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko neurriak bizkortzeko konpromisoa hartu dute, eta klima-aldaketa arintzeko eta haren ondorioen aurrean egokitzeko bitarteakoak indartuko dituztela berretsi.
Gainera, jardunbide egokien trukea sustatu eta erraztuko dute, ildo horretako prozesuak eta ekintzak bizkortuko dituzte, eta esperientzia partekatuak eta proiektu pilotuak bultzatuko dituzte. Aurrea hartzeko gaitasuna hobetzen saiatuko dira, arriskuen analisiak planifikatuz eta landuz, eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean erresilientzia hobetzeko planak jarriko dituzte indarrean. Era berean, norbanakoak politiken erdigunean jartzeko konpromisoa hartu dute, estrategiak diseinatzerako eta ekintzak gauzatzerako orduan, herritarrak, eta bereziki ahulenak, klima-aldaketaren eraginetatik babestuz.
Adierazpenaren bidez, Atlantikoko Hirietako alkateek eskualdeko gobernuei, estatuei eta Europar Batasunari dei egin diete, Glasgowko Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren (COP26) konpromisoak erabat onartu ditzaten eta hiriak zein tokiko gobernuak ahalduntzeko tresnak ezarri ditzaten, hala, beren potentziala garatu ahal izan dezaten arintze-, erresilientzia- eta egokitze-gaietan. Itsas mailaren igoera mehatxu handia da Europarentzat, estatuentzat eta, bereziki, kostaldeko hirientzat, eta errealitatea onartzeko eskatu diete. Azkenik, Europatik sustatutako estrategiak eta ekintzak gidatzeko eta garatzeko lidergoa hartzeko prest azaldu dira.