Mintegiaren lehen egunean hiru mahai-inguru egingo dituzte, eta sareko kide diren hirietako ordezkariek hartuko dute parte, tartean, Las Palmas, Arroxela, Santiago, Cork, Coruña, Gijon, Brest, Viana do Castelo eta Donostiako ordezkariek. Klima-aldaketari aurre egiteko garatu dituzten ekintza-planak eta estrategiak zein lantzen ari diren kultur proiektuak izango dituzte aztergai. Gainera, bertaratzeko aukerarik izango ez duten sareko kideak birtualki konektatuko dira. Goizeko mahai-inguruak, halaber, irekiak izango dira, eta Zoom plataformaren bidez jarraitzeko aukera egongo da, aldez aurretik izena emanda (FORMULARIOA).
Asteazkeneko jardunaldia, maiatzak 25, María José Sanz BC3 Basque Centre for Climate Change erakundeko zuzendari zientifikoaren hitzaldiarekin hasiko da. Bezperako saioak bezalaxe, zuzeneko aurkezpena modu birtualean jarraitzeko aukera izango da (aurretiko izen-ematearekin). Ondoren, alkateen mahaia egingo dute Atlantikoko Hirien eraldaketa, Klima Aldaketaren ondorioz izenburupean.
Batzar Orokorra ixteko, Donostiako Adierazpena sinatuko dute. Bertan, nazioarteak egindako deialdiaren berri emanez, klima-aldaketari aurre egiteko eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko neurriak bizkortzeko konpromisoa hartuko dute sareko hiriek. Izan ere, klima-aldaketak eta haren ondorioek ingurumenean, hirietan, ekonomian, gizartean eta kulturan dituzten eraginak frogatuta daude egun; eta ondorio horiek are nabarmenagoak dira kostaldeko hirietan, itsas-mailaren igoerak zuzenean kolpatzen baititu; era berean, kalteberatasun handiagoa dute uholdeei, kosta-fronteen higadurari, barnealdeko uren gazitzeari eta beste hainbat arriskuri dagokienean.
Arku Atlantikoko Batzordearen Batzar Nagusia
Atlantic Citiesen topaketak Arku Atlantikoko Batzordeak hilaren 24an eta 25ean Kursaalen egingo duen Batzar Nagusiarekin bat egingo du. Uneotan Euskadi da Batzordearen lehendakaria, eta biltzarrean Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta Batzordeko gainerako eskualdeetako bozeramaileek hartuko dute parte. Bi topaketen bategitea aukera paregabea izango makroeskualde atlantiko baten garapenean sakontzeko, hiriek eta eskualdeek hainbat kezka eta lan-lerro partekatzen baitituzte, tartean, garraioarena eta ekonomia urdin jasangarriarena.