Topaketaren lehen egunean, lantzen ari diren estrategien eta ekintza-planen berri eman dute hiriek. Lehenengo saioan, Josu Benaito Donostiako Udaleko Ingurumeneko zuzendariak, Andrés Caballero Las Palmaseko Itsas Hiriko Unitate Teknikoko buruak eta Gumersindo Guinarte Santiago de Compostelako alkateorde eta Lehendakaritzako, Harreman Instituzionaletako eta Turismoko zinegotziak hartu dute parte. Benaitok, bere aldetik, hiriko KLIMA 2050 Estrategiari lotuta, lau ardatz nagusiren gainean lanean ari direla azaldu du: mugikortasuna, energia, lurraldea eta ekonomia zirkularra. Eta kontzientziazio-lanaz harago, herritarrak mobilizatzeko beharra azpimarratu du. Itsas-mailaren igoerak La Palman izango dituen ondorioei buruz ohartarazi du, bestetik, Caballerok, BPGren % 11 eta uharteko 74 hondartza galtzeko arriskuan baitaude.
Santiago de Compostelan lantzen ari diren mugikortasun-proiektu aitzindaria aurkeztu du Guinartek: hiriaren kanpoaldean baina hirigunetik gertu, banaketarako logistika-zentro bat sortuko dute, ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduak hornitzera hirigunera sartzen diren banaketa-ibilgailuen sarbidea hobetzeko. «0 emisioko espazio bihurtu nahi dugu hirigune historikoa, eta eredua hiri osora zabaltzeko aukera aurreikusten dugu».
Neutraltasuna eta hazkundearen beherakada
Goizeko bigarren saioan izan dira Oliver Moran Corkeko Udaleko Klimaren Aldeko Ekintza Batzordeko presidente eta kontseilaria, Jesus Fernandez Coruñako Ingurumeneko zuzendari nagusia eta Ana González Gijongo alkatea. Cork hiriak 2030erako karbono-isurien neutraltasuna lortzeko helburua duela azaldu du Moranek. "Larrialdi klimatikoaren inguruko adierazpena egin genuenetik, gogor ari gara lanean etorkizunera begira. Hiri abangoardista gara zentzu horretan, eta helburua lortzeko beharrezkoak diren politikak koordinatzeko gai garela uste dugu".
Fernandezek, aldiz, gasen emisioak murrizteko eta argi-eraginkortasun handiagoa lortzeko Coruñan hartu dituzten neurriak azaldu ditu. Gainera, pedagogiaren garrantzia azpimarratu du, etengabeko lanak eta epe luzerako estrategiek belaunaldi berrien heziketa eta prestakuntza galdatzen dituztelako. «Haurrak funtsezkoak dira aldaketarako, haiek gauzatuko baitituzte egungo erabakiak». Azkenik, hazkundearen kontzeptua birdefinitzeko premian jarri du arreta Gonzalezek, paradigma-aldaketa barneratzen hasteko eta aurrerapenak gainbehera dakarrela ulertzeko unea dela ebatzita. «Erakundeetatik hartzen ari diren neurriak gorabehera, adierazleek okerrera egiten jarraitzen dute. Eta oso garrantzitsua da herritarrekin hitz egitea, ez soilik proposamen zehatzei buruz, ongizatea eta erosotasuna birdefinitzeari buruz baizik. Elkarlana funtsezkoa da emaitzak hobetzeko eta proiektu sendoagoak abian jartzeko».
Kultur proiektuak
Arratsaldeko saioan, Santiago de Compostela, Donostia, Brest eta Viana do Casteloko ordezkariek hirietako bakoitzean garatzen ari diren kultur proiektuak aurkeztu dituzte, elkarlana sustatu eta esperientzia arrakastatsuak partekatzeko. Mahai-inguruan hitza hartu dute Chillida Leku Museoko zuzendari Mireia Massaguék; Brest hiriko Espazioaren Plangintza eta Lurralde eta Itsas Lankidetzako buru Tristan de Penanrosek; eta Viana do Casteloko Ganberako presidenteorde Manuel Vitorinok.
Asteazkeneko jardunaldia María José Sanz BC3 Basque Centre for Climate Change erakundeko zuzendari zientifikoaren hitzaldiarekin hasiko da. Ondoren, alkateen mahaia egingo dute Atlantikoko Hirien eraldaketa, Klima Aldaketaren ondorioz izenburupean, eta Batzar Orokorra ixteko, Donostiako Adierazpena sinatuko dute. Bertan, nazioarteak egindako deialdiaren berri emanez, klima-aldaketari aurre egiteko eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko neurriak bizkortzeko konpromisoa hartuko dute sareko hiriek.