Hiriek berotegi-efektuko gas isurketen % 60 baino gehiago ekoizten dute, eta munduko energiaren % 78 kontsumitzen dute. Horregatik, gutuna sinatu duten hiriek “garapen jasangarriko ekintzekin jarraitzeko eta haiek hedatzeko eta azkartzeko” konpromisoa berretsi dute. Hala, ozeanoa babesten laguntzeko, hondakinen kudeaketa indartzeko, CO2 isuriak mugatzeko, hiriko mugikortasun-eredua eraldatzeko eta etxebizitzak berritzeko neurriak hartuko dituzte, besteak beste. Gainera, ozeanoen babesa lehentasun politikotzat hartuko dute, eta itsasoari buruzko ezagutza eta hezkuntza erraztuko duten ekintzak adostuko eta sustatuko dituzte. Azkenik, Europako Batzordeak ezarritako Ozeanoaren Misioa ekimenaren bidez, ozeanoen babesarekin lotutako Europako eta nazioarteko eztabaidetan parte aktibo izateko eskaera egin dute, hirien ezagutza espezializatua eta esperientzia eztabaida publikoan integratzeko.
Atlantikoko hirien sarearen Batzar Nagusian, Eneko Goia Donostiako alkate eta sarearen egungo presidenteak nabarmendu du klima-aldaketaren ondorioak arintzen eta haiei aurre egiten lagunduko duten ekintza eraginkorrak gauzatzeko eta bultzatzeko beharra, nagusiki, itsasertzeko aldaketei aurre egiteko. Kostaldeko hiri gisa, Atlantikoko hirien sareko kideek “gidari izateko eta bide berriak irekitzeko duten ardura” nabarmendu du, bai itsasoen kontserbazioan eta itsasoko kutsadura murrizteko neurriak hartzeari dagokionean, baita itsasoarekin lotutako balizko fenomeno kaltegarrien aurrean erakutsi beharreko erresilientziari lotuta ere.
Mintegia
Urteko Batzar Nagusia ez ezik, Atlantic Cities sareak mintegia ere antolatu du egunotan Biarritzen, eta sareko kide diren sei hirik klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko abiatu dituzten ekintzak partekatu dituzte bertan. Gonbidatuei ongietorria emanez zabaldu zuen mintegia atzo, ekainak 6, Maider Arosteguy Biarritzeko alkateak, eta Kepa Korta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendariak egin zuen eguneko programaren aurkezpena. Visnar Malinovska Europako Batzordeko Erresilientzia eta Klimaren Egokitzapenerako unitateko buruak hitzaldia eskaini zuen jarraian, klima-aldaketaren ondorioei erantzuteko Europar Batasunak ezarritako politikak azaltzeko, eta ondoren, Biarritz, La Rochelle, Cork, Viana do Castelo, Brest eta Donostiako ordezkariek hartu zuten hitza, sareko kideak denak, hiriak uholdeetatik eta higaduratik babesteko ezartzen ari diren neurrien berri emateko.
Donostiaren kasuan, Judith Moreno Estrategia Bulegoko teknikariak Donostiako Udaletik lantzen ari diren arintze- eta egokitze-neurriak azaldu zituen, itsas mailaren igoerak hondartzetan zein Urumea ibaiaren ibilguan duen eragina murrizteko. Hain zuzen, Gipuzkoako hiriburua izan zen klima-aldaketaren aurkako borrokan lanean hasi zen lehenetarikoa 2008an, eta ordutik hona, hainbat egokitzapen- eta ekintza-plan onartu ditu, besteak beste, 2017ko Egokitzapen Plana, 2018ko KLIMA 2050 Ekintza Plana eta 2020ko Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena. Gaur egun, hiriaren erronkei alor ezberdinetatik erantzuten zaie, egoera ezagutzetik eta diagnostiko bat egitetik hasita, hainbat mailatan gauzatuko diren ekintzak planifikatu arte, hala nola, hirigintzari, mugikortasunari, energia berriztagarriei, energia-eraginkortasunari, espazioen birnaturalizazioari, elikadurari, ekonomia zirkularrari, turismo jasangarriari… lotuta.