Hiri eta herriek biztanleriaren egunerokotasunari lotutako arazo praktikoak aurreikusten dituzte: azpiegituren kudeaketa, hondakinak, gizarte eta kultur zerbitzuen eskaintza, inguru multikultural batean elkarbizitzea… Testuinguru honetan, Montreal hiri berritzaileenetako bat da espazio publiko biziagoa eta atseginagoa, iraunkorragoa eta etorkizunekoa diseinatzeko orduan.
Gai honi buruz, hain zuzen ere, hitz egin zuen Richard Shearmur-ek Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuran ekainaren 3an eskainitako hitzaldian. “Udal erronkei modu berritzailean erantzuten. Montrealgo adibidea” izenburupean, berrikuntzan aditua eta Montrealeko McGill Unibertsitateko hiri plangintzako eskola zuzendariak, herrialdeetan berrikuntza ezartzeko kontuan hartu beharreko elementuen zerrenda egin zuen: zergatik berritu?, nola garatzen da berrikuntza?, zertan datza?, nola ezagutzen dugu?, arrakastatsua da?... Shearmur-en arabera, udal eremuan berrikuntza kasu askotan arazoak konpontzera, hiritarren eskaerak erantzutera, dirua aurreztera eta zerbitzuak hobetzera zuzenduta dago. Beti ere Montreal adibidetzat hartuz, Shearmur-ek udal berrikuntzak dituen arriskuei buruz ere hitz egin zuen, denborarekin eta modu mailakatuan aurrera eramatearen beharraz biztanleria ez ezegonkortzeko. Berrikuntza “berria” izan beharraren okerreko kontzeptuaz ere hitz egin zuen eta udal berrikuntza eta jabetza intelektualaren arteko harremana ere aztertu zuen.
Kanadako ekintza berritzaileen adibide batzuk azaldu ondoren, Shearmur-ek herriek berritzeko duten ahalmena batez ere beraien botereen menpe dagoela azaldu zuen. Dena den, ahalmen horiek txikiak badira ere, udalerriek ekintza berritzaileak aurrera eraman ditzakete Quebec-en kasuan bezala.