KONFEKOOPen bilduta dauden Euskadiko irakaskuntza, kontsumo, nekazaritzako elikagai, lan elkartu, garraiolari, etxebizitza eta kreditu kooperatibetako ordezkariak Donostiako Aquariumean hitzartu ziren atzo urteroko batzarra egiteko. KONFEKOOPek egun Euskadiko 1.391 kooperatiba biltzen ditu; kooperatiba horiek 11 mila milioi eurotik gora fakturatzen dute urtean, eta 60.000 pertsona baino gehiagori ematen diote enplegua.
EHLABEk, bestalde, 2022ko Memoria aurkeztu zuen. EAEko desgaitasuna duten pertsonen enpleguarekin eta enplegagarritasunarekin lotutako iazko ikasturteko datu garrantzitsuenak ezagutarazi zituzten Kursaalen egindako agerraldian, eta EHLABEko kide diren erakundeek euskal gizarteari ematen dioten balioaren emaitza neurtu eta kuantifikatuei buruzko azalpenak eman zituzten.
Astea amaitu baino lehen, ASLEk ere urteroko batzar orokorra egingo du ostiralean, maiatzak 12, Miramar Jauregian. Elkarteko kideez gain, Lan-sozietateen eta Sozietate Partaidetuen sektoreko hainbat erakundetako ordezkariak ere hurbilduko dira topaketara, eta 2022ko ekitaldiko ekintza eta adierazle nagusiak zein etorkizuneko erronkak partekatuko dituzte haiekin.
Datozen ekitaldiak
Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren jarduera-egutegiak abiadura hartuko du datozen asteetan. Besteak beste, REAS Euskadiko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarearen zuzendaritza batzordea maiatzaren 23an egingo dute; Social-Lab Proiektuaren bigarren edizioa ixteko ekitaldia maiatzaren 25ean izango da; eta GIZATEA Gizarteratzeko Euskal Enpresen Elkartearen eta FUNCO Fundazioen Euskal Konfederazioaren batzar orokorrak ekain hasieran eta bukaeran egingo dituzte, hurrenez hurren.
Programa osoa eskuragarri dago ESTEKA HONETAN.