Eredu-aldaketa baten beharra, «XXI. mendea birziklapenaren mendea» izatearen aldeko apustua eta herritarrek aldaketa-prozesu horretan izango duten parte-hartzea (baita parte-hartze eza ere) eta inplikazioa izan dira kongresuaren gakoetako batzuk.
Bi egunez, hirigintza eta arkitektura, ingurumen, ekologia, soziologia, teknologia, etxebizitza, genero eta inklusio arloetako hogeita hamar bat adituk eztabaidak eta gogoetak egin dituzte AGORA 2015 hiri-berrikuntzako laborategietan.
EHUren Carlos Santamaría Zentroan izan da Kongresua, hiru erakunde hauek elkarlanean antolatuta: Donostiako Udalak, hiriko Estrategia Bulegoaren eta Hirigintza Sailaren bidez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak (AGET). Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan dute. Kongresu honetan 150 bat lagunek parte hartu dute; horien artean, ikasle talde handi bat, profesionalak, herri-administrazioko teknikariak eta herritarrak, oro har, zeuden.